XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txorta jotzen ari hituen noski. Herorrek ez huen orduan larruketaren berri.

Gau hartan, amak ez hinduen utzi bere altzoan lo egiten.

Goizean, ohi bezala, soroetara joan huen ama besteekin batera.

Esklabozainari erakutsi zizkioan aurreko gaueko zauri eta urradurak.

Hark jaramonik ez zioan egin, uztaroan esku guztiak urri zirelako.

Aljibea iritsi huen.

Aurreko gauean hire amaren gainean etzandakoetako bat ura edaten hasi huen.

Igitaia lurrean utzi zian, hankartean.

Hi bere hankartetik sartu hintzen, igitaia hartu eta bularraldean sartu hion. Bihotza zulatu hion. Seko utzi huen.

Grekoak ezpata altxatu eta eraso egiten dik.

Aldez aurretik abisatua bezala izan duk.

Arazorik ez duk izan ezpatatzarraren bidetik baztertzeko. Irribarrea agertzen zaik musuan. Grekoa zereginik ez duela jakitun da. Haren begi beltzetan irakurri duk. Jolasean ibiltzea deliberatu duk.

Esklaboa hil huen gauean bertan, latifundiumetik eraman hinduten gurdi batean.

Metalezko idunekoa jarri ziaten, estreinakoz, eta katea bati lotu.

Hire ama, eramaten hindutela ikustean, hiregana korrika hasi huen. Vilicusa eta armaduraz jantzitako esklaboek geldiarazi eta sekulako jipoia eman ziotela ikusi huen gurdia urruntzen ari zen bitartean.

Zazpi urte eskas hituen gizona hil huenean. Ez hinduten zigortu, herorrek horrela pentsatu izan arren. Siziliako lanista bati saldu hinduten.

Berak gladiadore onenak entrenatzen zizkian. Hi harribitxi landugabea hintzen. Normalean, gizonak ez dik gizona hiltzen eta, are gutxiago, entrenamendu berezirik barik eta herorrek, ume mokoa artean, hil huen gizona.

Hiltzaile-sena daukak.

-Hau al da guk pagatu dugun hiltzaile amorratua? -bota zian barrez lanistak hi negarrez ikusi hinduenean.